PROFESIONALA NAIZ
Doluan gertatzen den mina ERABATEKOA da, eta horrelakorik ez da gertatzen beste ezein egoeratan: min biologikoa baita (gorputzak min egiten digu), psikologikoa (nortasunak min egiten digu) soziala (gizarteak min egiten du, bai eta gizartearen izaerak ere) eta espirituala (arimak min egiten du). Maite dugun pertsona bat hitzen denean, mingarri zaigu bai iragana, bai oraina, eta bereziki, etorkizuna. Bizitza bere osoan zaigu mingarri.
J. Montoya
HONA FUNTSEZKO IDEIA BATZUK, DOLUAN DIREN PERTSONEI LAGUN EGITEN BADIEZU
Oro har, dolu-prozesua ibiltzen duen pertsonak egoera ahulean jotzen du profesionalarengana, hau da, galdua, nahasia eta zauritua dabil. Eta zalantzaz beterik dago, bai prozesuaz, bai minaz. Zenbaitetan, gainera, dolua blokeatua dauka edo mozorrotua. Horrelako egoera bat ikusita, nola jokatuko dugu zuzen, laguntza eman nahi badugu? Laguntza-eskaria gero eta ugariagoa baita.
Gutxienez hiru arrazoi direla medio ezagutu behar ditu profesionalak doluaren funtsak:
- Pertsona mindunek gero eta gehiago jotzen dutelako profesionalengana laguntza eske.
Doluak eragin larriak izan ditzakeelako jendearen gorputz eta buru osasunarentzat.
Dolu-prozesuaren garapen normala zertan datzan jakitea oso aringarria izan daitekeelako mindun askorentzat.
Hori dela eta, profesionalak garen aldetik, gomendagarria da zuek halako gogoeta labur bat egitea honako premisa hauen inguruan:
AURRETIAZ BEHAR DIREN BALDINTZAK, DOLUAN DIREN PERTSONEKIN LAN ONA EGITEKO:
- Aldez aurretik, zeure hilkortasuna aurrez aurre jarri behar duzu.
- Dolu-prozesua zabal ulertu behar duzu eta aurrez zeure galerak moldatu behar dituzu.
- Enpatia-gaitasuna izan behar duzu doluan dagoen pertsonarekin maitasunezko sintonia egokia izateko. Horrek esan nahi du bestearen esku jartzeko konpromisoa behar dela, eta gai izatea doluan dagoen pertsonaren anabasari eutsiko dion ontzi baten moduan jarduteko, anabasa horrek gugan gainezka egiten ez duela begiraturik.
- Gaitasuna izan beharra dago heriotza, sufrimendu, zalantza eta ezintasunarekiko harreman hurbila toleratzeko.
- Teoria eta praktika ongi eta malgutasunez erabiltzeko gaitasuna, eta bestelako jorratze bideak sormenez bilatzeko gaitasuna.
- Besteari entzuteko eta egokitasunez erantzuteko gaitasunak egiazki izatea.
- Jakin beharra dago zer muga ditugun eta, horren ondorioz, frustrazioaz jakitun izan, elementu bereiztezina baita dolu-prozesu orotan.
- Ikuspegi errealista eta distantzia egoki bat mantendu behar ditugu, neurrigabeko identifikaziorik gabe eta neurrigabeko konpromiso emozionalik gabe, eta beti izan behar dugu kontuan pertsona horrek egin behar diola aurre doluari eta haren sufrimenduaren zati handi bat saihestezina dela. Gu haren ondoan egoteak eta gure esku-hartzeak sufrimendua arindu dezakete, baina ez besterik.
- Gauza izan behar dugu pertsona mindunaren sufrimendua errespetuz asumitzeko, sufrimendua apaldu gabe gure espektatiben eta intolerantziaren arabera.
Maila teorikoan, eta modu errazean, esaten dugu DOLUA giza erantzun arrunt eta berezkoa dela maite dugun norbaiten galeraren aurrean. Ezaugarri hauek ditu:
- Prozesu bat da. Dolua prozesu bat da eta denboran zehar bilakatzen joaten da.
- Arrunta da. Norbait edo zerbait galtzen dugun bakoitzean gertatzen da (galera motetan ikusi dugun bezala), harekin lotura bat genuelako.
- Dinamikoa da. Pertsonak aldaketak izaten ditu dimentsio guztietan (emozionalak, fisikoak, kognitiboak eta sozialak).
- Lotura dauka gizarte-ingurunearekin. Dolua kultur testuinguru jakin batean kokatua dago.
- Pertsonala. Pertsona bakoitzak modu ezberdin batez erreakzionatuko du, bere nortasunaren ezaugarriek eraginda.
- Aktiboa. Pertsonak eginkizun aktiboa izan behar du bere galera lantzeko.